martes, 16 de marzo de 2010

ALDAPARIK EZ DEN LEKUAN ERE TRABAK


Babes dikearen proiektua amaitu ahal izateko, bigarren aldaketa bat egingo diote. Hala erabaki du Jaurlaritzak. Aldaketaren muina ondoko a da: harri blokeen tamaina handitzea. Otain arte, 140 metrotan 45 tonakoak jarri dituzte, eta muturrean, 55 tonakoak. Aldaketa egiteko, lau-sei hilabetetako tartea beharko dute. Denbora horretan obra geldirik egongo da.

Harri blokeen tamaina aldatu behar izateak obra enkantera atera zutenean jarritako aurrekontua (21 milioi euro inguru) %20 igo du. Horren aurrean, Mariezkurrena enpresak eraikitze kontratua bertan behera uztea erabaki du.

Proiektuaren bigarren aldaketari buruzko datuak eman eta haren ondorioak azaltzeko, udaletxean, bilera pribatua eduki zuten atzo. Alde batetik, Jaurlaritzako eta Portuen Gipuzkoako Lurralde Zerbitzuko ordezkariak zeuden. Eta beste aldetik, berriz, Josebe Astigarraga alkatea, ordezkaritza duten alderdietako kide bana eta herriko zenbait elkarteko ordezkariak, tartean, Mutriku Bizirik taldeko kideak.

Bileraren ondoren, Jaurlaritzako ordezkariak azaldu dute dikea amaitzeko bi lan gelditzen direla: dikearen muturra egitea eta blokeen handiekin errefortzua egitea. Kontratua bertan behera uzteko prozedura martxan jartzean, bi lan horiek enkantera aterako dira.

UR KRESALETAKO GORABEHERAK


Kaleak oraindik esnatzeke daudenean ekiten dio lanari Krexal ontziko tripulazioak. Lau marinel, patroia eta inoiz hutsik egiten ez duen Ur txakurra. Saltaerako potina hartu eta elkarri hitz gehiegi egin gabe, ontzirantz doaz. Arrain zuria, batez ere, legatza izango da euren jomuga.
Portuko sarrera mugatzen duten bi moilen artetik, oraindik eguzkiak argiztatu ez duen iluntasun zabalean barneratzen dira. 6 milia barruan ibiliko dira.Ordu erdi, hiru ordu lauden dituzte lehen aparejura arte. Patroiak gidatzen ditu haraino, eta gainontzekoek ontzia prestatzen dute arrantzaldirako. Fabriketan ez bezala, hauek eguneko produkzioa zenbatekoa izango den jakiterik ez dute sarea jaso arte.

Olatu arteko trebezia
Lehen buia ikusi orduko, bakoitza bere tokia hartzen hasten da. «Gaur egun, makinak ditugu sarea jasotzeko, eta horrek asko laguntzen digu. Batek uretatik ontzira igotzen du sarea eta besteak zabalduta gordetzen laguntzen digu», azaldu du patroiak.

Sarea jasotzeko, ontziak geldirik behar du, eta makinak gelditzen dituzte. Baina itsasoak bere erritmoa inposatuz, ontzia alde batetik bestera kulunkatzen du. Arrantzaleek, ordea, ez dute haren eraginik jasaten. Ontziaren parte bat gehiago bailiran, olatuek agintzen duten erritmora mugitzen dira, inolako eragozpenik gabe. «Kubiertan ordu asko sartzen ditugu, eta azkenean ohitu egiten zara. Izterrak gogortu egiten dira, eta berarekin batera joaten ikasten dugu».


Itsasoko fruitua jasotzen

Legatz bakoitzak lehorreko edonork uste baino lan gehiago dakar berarekin. Legatza, sarea jotzean, biraka hasten da, eta ontzi gainera igotzen denerako, korapilo handi baten erdian dago. Arrantzaleek, ordea, duda-mudarik ere egin gabe, eta korapilo zailenetan bata besteari lagunduz, legatza oso-osorik kaxaratzea lortzen dute.

Sareak ez dakar legatza bakarrik; besteak beste, itsas kabrak, urreburuak eta barbarinak ere badakartza. Baina baita harriak eta itsas izarrak ere. «Horiek lan gehi-ago ematen dute. Sareari heldu egiten diote, eta askatzen zailagoak dira». Urrek adi zaintzen du sarea, eta arraina ez den guztiari zaunkaka ematen dio ongietorria. Horiek erretiratu arte ez dago lan egiterik. Marinelen aurpegiek atzerapen hori zein gogaikarria den erakusten dute.

Legatzak saretik askatzeko lanean bi marinel jo eta su, eta sarea batzeko makinaren alboan beste bi hura behar bezala gordailuan ipintzen. Izan ere, batu bezain laster, berriz ere, itsasora botatzen dute, hurrengo eguneko arraina harrapatzeko asmoarekin.

Behin sarea berriro itsasoan denean, hurrengo buiara gidatzen ditu patroiak, eta berriro prozesu berari ekiten diote.

Eguna amaitzen
Lau apareju dituzte Krexalekoek itsasoan zabalduta. Laurekin prozesu bera egiten dute. Eta bukatzean, dena delako ordua izanik ere, etxerako bidea hartzen dute. «Guk ez dauzkagu lan orduak finkatuta. Egitekoa bukatu arte hemen egon behar! Legatzetan kosta beti bistan izaten dugu, eta egunekoa amaitzean, etxera joango garela jakiteak bihotza goxatzen dizu, nahiz eta batzuetan, itsasoaren egoera tarteko, goitik behera bustita egon». Etxerako bidean patroiaren lana gelditzen da: kofradiari arrantzaren berri eman, egunerokoa bete eta ontzia portura eraman. «Eta orain siestara. Bihar beste egun bat izango da eta».

GUSTUKOA DENEAN, ALDAPA GUTXI


Goiko plazara heltzeko makina batek egin behar izan zuen aldapa gora, baina merezi izan zuen. Bertan izan zen magia ikuskizunera joan zirenek erraz ahaztuko ez duten esperientzia bizi izan zuten igande gauean. Yunke magoaren magia ikuskizunak eduki beharko lituzkeen osagai guztiak bateratu zituen.Irribarrea aurpegitik kendu gabe, Yunke magoak musika, dantza eta truku ikusgarriak tartekatu zituen. Saioak ordubete inguru iraun zuen. Ikuskizuna guztiz aktiboa izan zen, eta jendearen parte-hartzea ere bultzatu zuen; zenbait lagun eszenatokira altzatu ere egin zitue, eta beste zenbaitek aulkitik mugitu gabe kolaboratu ahal izan zuten.
Horretaz gain, umorea erabiltzen ederki asmatu zuen, jendea lotuta gelditzeko beharrezko osagaia. Umore pintzelkadek jendearen irribarrea lortu zuten, eta giro bikaina sortu zen Goiko Plazan bildutakoen artean.Magoak erabilitako trukuek aho zabalik laga zituen mutrikuarrak. Yunkek argi laga zuen lortu dituen sari guztiak merezita dituela. Truku zaharrak eta berriak tartekatuta ikusleen txaloak eskuratu zituen.

domingo, 17 de enero de 2010

SOINUAREKIN ALDAPA GORA

Soinu hutsekin istorio bat kontatu beharra genuen. Nire asmoa bale arrantzale batek duen ametsa kontatzea da. Aspaldi gertatu ez den eta bere ogibidea den horren kontaketa egiten du ametsak. Baina ez zen oso ongi gelditu. Ez zen istorioa ulertzen. Baina tira, ametsak ere sarri ez dira ulertzen, ezta?

[audio= http://mutrikuarra.podbean.com/mf/play/rbpsa/balearenbila.mp3]

martes, 1 de diciembre de 2009

MASTERREAN: BERTOKO TELEBISTA

ALDAPAN DENA EZ DA TXARRA

Oinez zoazenean, aldapa bat topatzea bezalako trabarik ez dago; batez ere, aldapa gora egin behar duduenean eta, egia guztia esanez, alper xamarra zarenean. Aldapek, ordea, gauza onak ere badituzte (nahiz eta batzuei hori ikustea kosta). Mutrikun, esaterako, aldapari lotuta dago Kalbaixo jaietan gehien gustatzen zaigun ekitaldietako bat: goitibeheren jeitsiera. Pixka bat errepikakorra gelditzen da horrela esanda, baina hala da. Izan ere, goitibeherak tabla eta errodamenduekin egindako tramankuluak dira, eta bere izenari amen eginez, Kalbaixo puntatik herriko plazaraino jeisten dira. Irailaren 14an izaten da jeitsiera hori, eta hura amaitu arte jaia gelditu bezala egiten da. Herritar guztiak ari begira gelditzen baitira. Sokamuturrak ere ez luke duen enkatua izango aldapan ez balitz. Bestela nondik nora aterako ziren kalean gora, kalean behera, kalean gora zezena, ai, ai, ai ai... bezalako kantuak? Zerbait eduki beharra du. Jaiak alde batera lagata, aisialdia bera ere, aldapa gabe ez litzateke berebera izango. Ze zentzu lukete monopatinek aldaparik ez balego? Parkeetan jolasteko balioko lukete, baina ezin inork ukatu, patinaren gainean jarri eta aldapa behera egitea askoz ere ederragoa denik!! Eta ez bakarrik hemen eta guretzat. Hainbat lekutan aldapa erabilita egiten diren jokoek (egia esan ez dakit nola deitu) ez lirateke jaio ere egingo, eta haiek gabe zapping-etan ateratzen dituzteneko egiten ditugun barreak galduko genituzke. Zerri buruz ari naizen ulertzeko, hona buruan dudan adibidea: zuhaitz haundi baten enborra aldapa behera bota, eta ehunka pertsona atzetik, esku hutsez hura gelditu nahian. Zorokeria? Bueno, bakoitzak bere harrikada propioa dauka, ez? Eta ikusten denez, baita aldaparen erabilera propioa ere!

miércoles, 25 de noviembre de 2009

ALDAPAKO BIDEAK


Normalean aldapa bideak har dezakeen itxuretako bati deitzen diogu. Kuriositateak jota, ordea, Google-en aldapa sartu eta hara Aldapa izena duten hainbat leku agertu zaizkit.

Dirudienez, tabernentzat oso erabilia da hitz hori Euskal Herrian. Han eta hemengoak agertu zaizikit izen horrekin; bazen nekazalturismoren bat ere, abizen hori zuen norbaiten facebook-eko datuak... baina kuriosoena ondokoa iruditu zait: Aldapa Zierbeneako auzo baten izena da.

Eta ez da edozelakoa ere, udalerriko biztanleriaren laurden bat hartzen baitu. Beno, gero jakin dut, Zierbenan 1.300 biztanle bizi direla, baina, hala ere!

Eta pentsatzen jarri naiz... Izen hori jartzeko nolakoa ote da auzoaren egitura? Pixka bat arraroa izango zen bertara joan eta dena zuzen dagoela ikustea ez? Baina era berean, herritarren laurden batek nahiago izan du aldapan dagoen auzo baten bizi izatea? Mutrikun ez daukazu beste irtenbiderik. Edo moilan bizi zara, eta behintzat auzoa zuzen dago, edo aldapan bizi beharra dago. Zierbenan, ordea, aukera badela badakit, portu inguruan eta egona naizelako. Jakinmina piztu zait, behintzat. Beraz, hurrengo, bisita bat egingo beharko dut alde horretara.