miércoles, 25 de noviembre de 2009

ALDAPAKO BIDEAK


Normalean aldapa bideak har dezakeen itxuretako bati deitzen diogu. Kuriositateak jota, ordea, Google-en aldapa sartu eta hara Aldapa izena duten hainbat leku agertu zaizkit.

Dirudienez, tabernentzat oso erabilia da hitz hori Euskal Herrian. Han eta hemengoak agertu zaizikit izen horrekin; bazen nekazalturismoren bat ere, abizen hori zuen norbaiten facebook-eko datuak... baina kuriosoena ondokoa iruditu zait: Aldapa Zierbeneako auzo baten izena da.

Eta ez da edozelakoa ere, udalerriko biztanleriaren laurden bat hartzen baitu. Beno, gero jakin dut, Zierbenan 1.300 biztanle bizi direla, baina, hala ere!

Eta pentsatzen jarri naiz... Izen hori jartzeko nolakoa ote da auzoaren egitura? Pixka bat arraroa izango zen bertara joan eta dena zuzen dagoela ikustea ez? Baina era berean, herritarren laurden batek nahiago izan du aldapan dagoen auzo baten bizi izatea? Mutrikun ez daukazu beste irtenbiderik. Edo moilan bizi zara, eta behintzat auzoa zuzen dago, edo aldapan bizi beharra dago. Zierbenan, ordea, aukera badela badakit, portu inguruan eta egona naizelako. Jakinmina piztu zait, behintzat. Beraz, hurrengo, bisita bat egingo beharko dut alde horretara.

lunes, 23 de noviembre de 2009

GUSTOKO LEKUAN, ALDAPARIK EZ


Zailtasuna denean dena aldapa gora ikusteko joera izaten dugu. Erraza denean, berriz, zuzen. Aldapa behera joatea, zer da orduan? Batzuk aldapa beherako hori atzeraka joatearekin edo, osasun kontuetan, makaltzearekin erlazionatzen dute. Hau da, aldapa gora zein behera... kontu eskasa!

Aldaparen irudia, ordea, ez da bakarrik horrelako gauzetarako erabiltzen. Euskal Herrian hainbat esaera zahar daude aldapa hitzarekin erlazionatuak. Gustuko lekuan aldaparik ez erabilienetakoa da, nere inguruan behintzat. Esanahia azaltzen ibili beharrik ez dagoen horietakoa da. Eta hitz gutxirekin gauzak argi azaltzen dituen horietakoa ere bai.

Esaera zaharrak biltzen lan egin dutenak asko izan dira.

Gotzon Garate horietako bat zen. Garatek gainera, badauka bere esaera zaharren bilduma oso erabilgarri bihurtzen duen gauza bat ere: bilatzailea.

Hitzak gogoratu bai, baina esaera zela zen gogoan ez badaukazu, bertara jo, hitzak idatzi eta hitz horiek dituzten esaera zahar guztiak azaltzen dira. Beno, hori da buelta gehiegi eman gabe niri bururatu zaidan erabilera bat. Baikotzak ikusiko du herraminta horrekin zer egin, baina egon badagoela jakitea behintzat ez da geizki etortzen.

sábado, 14 de noviembre de 2009

ALDAPAKO SAGARRA




Beldur eszenikoa gainditzeko bidea eta igerian ikastekoa berbera omen. Igeri egiteko uretara salto egin beharra dago. Tragoak egin egiten dira, eta flotean mantentzeko bakoitzak ahal duena egiten du: flotadoreak, mangitoak edo dena delako ibili, ondokoari kolpe egin, pondo gutxian sartu lehenik... Baina azkenean harrapatzen zaio.

Komunikazio Multimedia deitzen den master batean ari gara buru belarri, eta nahi eta nahi ez uretan leporaino sartzea tokatu zaigu guri. Irakasleetako batzuk jendaurreko hitzaldi bat prestatu arazi digute, beste batzuk aurkezpenak egiten jarri gaituzte (jendaurrean ez ezik, kamara baten aurrean ere)... Eta izan da ikaskideen aurrean kantuan jarri gaituenik ere! Aldapeko sagarraren adarraren puntan/puntaren puntan/ txoria zegoen kantari. Horixe izan zen kantatu beharrekoa. Bale bai, sagarrak aldapekoak dira eta ez aldapakoak, baina kantatzean adarraren punta jan eta kantua moldatzea badago ¬hala egin baituen gure ikaskideetako batek¬, bokal batengatik ez gara ba haserretuko, ala?

jueves, 12 de noviembre de 2009

ALDAPA GABEKO BIDERIK EZ


Gure herrian, sarri askotan, bi ikuspuntu daude: gotik behera edo behetik gora. Tartean ezer ez balitz bezala. Eta bakoitzak bere aldean jarrita mugitzeko asmo txikienik ere ez du erakusten, nahiz eta beste aldekoek bertaratzeko, edo behintzat paso batzuk norabide hartan egiteko, arrazoi asko eman.

Baina noski, goian daudenek han mantendu nahi dute. Haraino heldu eta gero ez dira ba, bidea berriz atzeraka egiten hasiko?! Eta behean daudenak, berdin: " Arrazoia guk edukita ez gara ba, haiek nahi dutelako, gurekin bat ez datorren bidean gora hasiko?!

Ba hori,betikoa. Aldaparen bi aldeek elkar ikusi ezin; ezin elkarrekin hitz egin; aldaparen inklinazioa handitzearekin irudia eta soinua galdu egiten baitira.

Herriko zenbait tokitan igogailuak jarri dituzte. Leku batetik bestera heldu nahi dutenentzako dira. Erraztasunak ematen ditu igogailuak eta jendeak beste puntu horretara heltzeko duen nahia asetzeko hartzen ditu.

Bestearen lekura heldu nahi izanez gero, norberetik jartzea eta besteek erraztasunak ematea bezalakorik ez dago. Horrek ez al luke aldapa bi aldekoentzako goxatuko?.

miércoles, 11 de noviembre de 2009

BOLAK BLOGERAKO PRESTATZEN

Mutrikun bizita aldapei beldurra edukitzea lelokeria da. Hori bada arazo, hobe beste herri batera bizitzera joan. Ez Elantxobera jo, baina!
Aldapa fisikoak baino gogorragoak badirela aurkitu dut, ordea, egiten ari naizen Komunikazio eta Multimedia master honetan. Ezagutzen ez dituzun kontuetan sartzeak bolak kargatu ez ezik, barruko zorabioa ere sortzen dizu, eta bertigo apurra ere baduzula konturatzen zara.

Blog-a sortu da oraingo egitekoa. Eta hori izan da nere izerdi eta nekeen sorburua. Hala ere, oraingo honetan, hanka bat bestearen atzetik jartzearekin nahikoa izan da, pixkanaka-pixkanaka bidean gora hasteko. Ia metroak irabazi ahala, Tourmalet-a Anboto bihurtzen den eta Anboto Arno.